XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Osoki birlandatu dugu Sebag'en azalpen argitsu hau, irakur daitekeen onenetakoa delakoan.

(Sebag'en liburua, bestalde, euskaldun intelektual guztiek ezagutu beharko lukete dagoeneko).

Har dezagun, beraz, gizatar fenomenu bat: mito-sistema bat, eman dezagun (mitoak ez dira bukatu, kasu!).

Alde batetik mito horien adierazia dago, eta bestetik mito horien adierazlea.

Alde batetik, beraz, munduko buru-hausteen sistema dago, soluzio eta sasi-soluzioak barne (mundua nola sortu zen, gizona nola agertu den munduan, heriotzaren ondoan zer dagoen, eta abar); eta bestetik, hizkuntza moduko sinboloak, itxurazko pasadizutan haragiturik (lurraren azpitik bi herensuge atera ziren, elefante batek haur bakarra jan zuen, ugaldeen ondoren izadia eta gizadia adiskidetu egingo dira, eta abar).

Mitoen mordoa bi mailletan batera aztertu behar da, mitoak hizkuntza bat balira bezalaxe.

Hauxe da etnologiari buruz Levi Strauss'ek egiten duen saiakera; eta lan gaitz baten ondoren, mito askoren ahaidetasuna frogatu du, egiazko mito-estrukturak banaka batzutara bilduz.

Mitoetan estrukturak daude, oso izkutuak, guztiz oharkabeak.

Mitoak itxura desberdinez jazten dira, baina izpiritu-estruktura berberak betetzen dituzte: mitoen adierazia uste den baina gutxiago aldatzen da kondairan barrena.

Mitoak, beraz, itxuraren aldetik, alegiazko beren ixtorioetatik, azaldu nahi dituztenak, guztiz oker daude estrukturalisten iritziz.

Herensugeak ez ziren lurretik atera.

Hortik bilatzea zentzugabekeria hutsa da.

Adierazia bilatu behar da estrukturaren bidez.

Gure ametsetan, era berean, egaz egiten dugunean ez dugu egiazki hegaz egin nahi (Freud laister konturatu bide zen honetaz).

Sinboloen sistema aztertu behar da; eta ametsen mordoak hitz-mordoen gisa hartu behar dira.

Estrukturalismoak, hitz batez, ez ditu fenomenuak banaka eta beren itxura horretantxe aztertzen: (...).